XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ekonomia baliakizunak.

Bere geografiako izakera bereziari esker, nahiz tropiko landareen hazkuntzarako nahiz klima epeletako landareenerako, baliagarri da Kolombiako lurraldea.

Fruituak (banana, zitriko, mahats, uztapiko) eta laborealeak (gari, arroz eta batez ere arto) ugari izaten dira, bertako beharrak betetzeko adina behintzat.

Tropiko landareen artean, batez ere kafea izaten da, eta Kolombia kafe exportatzaileen artean munduko bigarrena da.

Bertan produzitzen den kafealea, ondo landua eta ondo zaindua delarik onetan hoberenekoa izaten da (kafe gozatsua).

Caucaren harana azukre kainaberaren produktorerik handiena da eta urtean zehar edozein harotan uzta biltzen den munduko hiru eskualdetatik bat.

Zuntz luzeko algodoiaren merkatuan munduan goren mailakoetako bat da Kolombia.

Basotan hain aberats izanik, zerratoki asko sortu da Nariñoko departamenduan.

Gaur egun, eta batez ere 1957 urtean Kartagenako petrolio errefineria eraiki zenetik petrolioaren industria asko ari da aurreratzen.

Medellingo ehungintza industria aipagarria da.

Aberastasun bezainbat langileen explotazio eta Kolombiako leienda beltza sortzen lagundu zuten esmeralda meategi famatuak ere ez dira ahaztekoak.

Uraletako esmeraldatokiak aurkitu ziren arte, harri preziatu horien hornitzaile bakarra zen munduan.

Turismoa.

Turismoarentzat, paisaje desberdin eta kontrastetsuren aukera zabala eskaintzen du: Karibeko eta Pazifikoko hondartza hondar zuri eta uhin zalapartatsuak, indioen herrixkak, oihan inguru malkartsuak, hilargikoen antzeko paisajeak dituen Nevado de Ruiz eta beste zenbait mendi handi, nahiz barrualdeko eskualdeetako laku paketsuak (eskubitara, Muna lakua).